Fernand Braudel Center
http://fbc.binghamton.edu/commentr.htm
75. iruzkina, 2001eko urriaren 15a
SUPERPOTENTZIA
BATEN ZALANTZAK
Irailaren 11ko erasoak
direla eta Bush presidentea eta bere bazkideak, begi bistakoa denez, haien
potentziaren aurkako erasoari aurre nola egin eztabaidatzen aritu dira; AEBen
ziurtasuna ere nola bermatu aztertzen ari dira. Kontu handiarekin egiten ari
dira antza, gobernu estatubatuarrak har lezakeen edozein erabakik sor litzakeen
ondorio txarren beldur dira-eta nonbait.
Beren
"Terrorismoaren aurkako gerran" haiek adi jarri nahi zuten
"koalizioa"ren zabaltasunaren arazoari egin behar izan diote lehenik
eta behin aurre. Gobernu estatubatuarrean bi iritzi ezberdindu daudela eta,
nazioarteko komunikabideak esan eta esan aritu dira isildu gabe. A aukera
koalizio zabal baten osaketa litzateke, baina helburuetan argi eta garbi
definitua. B aukera aldiz, koalizio murriztu baten sorrera helburuen definizio
zabal batekin. Nazioarteko prentsaren arabera Colin Powel litzateke A aukera
horren bozemale nagusia eta Paul Wolfowitz Defentsa idazkariordea aldiz B
aukeraren bozemale nagusia. Momentuz, itxura guztien arabera, Bush presidentea
eta Cheney presidente ordea eta agian baita Defentsa Idazkaria den Donald
Rumsfeld ere A aukeraren aldekoak dira, eta horixe da hain zuzen ere AEBk
hasera batean nahiko luketena.
Zer esan nahi du A
aukera horrek? Esanahia nahiko garbia da; munduko ia gobernu guztiek Bin Laden
harrapatzeko helburua bere gain hartzen dutela. Honek hasera batean ez dirudi
kontu zaila denik, munduko inongo gobernuren onespenik ez baitaukate ez Bin
Laden berak ezta Al Qaeda erakundeak ere. Salbuespen bat izan daiteke gobernu
talibana, baina azken hauek lehenik eta behin AEBk salatu nahi dituzte, nola
ez, eta nabarmen Errusia, Txina, Saudi Arabia, Pakistan, Egipto eta Iran ere
salatu; Irakeko erregimena ere ez dute batere gustuko. Ez da batere harritzekoa
gobernu hauek guztiek sentimendu antzekoa izatea haiekiko. "Bin Laden
justiziaren aurrera eramateko" helburuak beraz, lagun asko batu ditu.
Baina nola eramaten da
Bin Laden justiziaren aurrera? Erantzuna, hasera batean, talibanei egiten zaien
presioaren baitan dago, de facto ez bada, de iure Afaganistango
gobernua osatzen dutenei. Ze presio mota? Ongi bada, bonbaketak eginez.
Bonbaketa txiki batek behintzat "koalizioaren" laguntza izan du.
Baina asko bonbaketatu beharko balitz zer? Ikusteko dago. Eta B aukera zaleek
nahiko luketen bezala Irak sartuko balitz bonbaketatu beharrekoen artean? Oso gobernu gutxik onartuko
lukete hori.
AEBk ez dute B aukera
alde batera utzi. Sinpleki A aukeraren alde egitea nahigo izan dute hasera
batean behintzat. Bush presidentearen deklaraziotan, esandako hitzek atea
zabalik utz diezaiokete B aukerari. Beste modu batean ere atea zabalik dago:
baliteke koalizioa nahi bezainbat zabaltzea, baina ekintza militarrak bi
herrialde baino ez ditu hartzen, AEBk eta Bretainia Handia.
Eta ez da kasualitatea.
Golkoko gerran ere Bush aita presidenteak Nazio Batuen Erakundeari baimena
eskatu zion. Horrek ondorioak izan zituen, AEBk azalpen gehiago eman behar izan
zizkien aliatu gehiegiri. Honelaxe, Kosovoren txanda ailegatu zenean, Clinton
presidenteak kontu handia izan zuen Nazio Batuak alde batera uzten eta baimena
NATOri baino ez zion eskatu. Azkenean ikusi zen NATO bertan ere AEBn militarren
eskuak sobera lotzen zirela gobernu estatubatuarraren gusturako. Aldi honetan,
NATOk laguntza militarra eskaini zuenean, AEBk ezetza eman zieten. Erabaki
honekin Alemania oso haserre dagoela ematen du. Erabaki horrek ordea, esan nahi
du AEBk B aukeraren alde egiten badute, Tony Blairrekin baino ez dutela
eztabaidatu beharko (prentsaren esanetan aldiz, Blair bera ere Iraken aurkako
eraso bat hastearekin ez legoke sobera komentzitua).
Zer ari da ba gertatzen
honekin guztiarekin? Bin Ladenek AEBn botere militar guztia kolokan jarri
duenez, azken hauek botere hori azpimarratzea erabakiko dute. Ez da bakarrik
gerta litezkeen hiritarren aurkako eraso puntualei erantzuteko gaitasuna
izatea, baizik eta AEBk munduan den eta eraitsi ezin den potentzia bat dela
adieraztea. Egiazki posible al da hau?
A aukerarekin dagoen
arazoa da, Afaganistanen aurkako bonbaketek, ez dutela gehiegi lortuko. Hurrengo
pausoa ziurrenera, indar bereziak bidaltzea izango da. Bin Ladenek badaki hori
eta hein batean halaxe nahi du gainera. Komentzitua dago afganiarrak Sobietar
Batasuna gainditu izanaz eta beren sistema pikutara bota izanaz. Nola ez, AEBen
ustean beraiek izan ziren Sobietar Batasuna eraitsi zutenak. Baino hori ez da
Bin Ladenen iritzia. AEBk, bere garaian errusiarrek Afagnistanen jasotakoa
jasoko dutelakoan dago bera. Honelaxe bukatu nahi du superpotentzia honekin. Bururik ez duen ideia
ematen duen arren, nork pentsatuko zuen orain dela bi hilabete New Yorkeko
Dorre Bikiak botako zituenik baten batek?
Bush, Rumsfeld eta
Blair errepika eta errepika aritu dira letania baten moduan, gerra
"luzea" izanen dela eta gutxien-gutxienez, urtebete iraunen duela (bi
edo hiru?). Horrelaxe ari dira prestatzen AEBetako biztanleria eta munduko
iritzi publikoa, izan ere posible baita gaipena ez lortzea epe laburrean. Gerra
"luze" baten kasuan Bin Ladenen helburuen alde jokatzen du denbora
pasatzeak, agerian geratuko bailitzateke superpotentziaren oinak buztinezkoak
direla. Gerra luzea bada (eta jende asko hiltzen bada), irabazi militar argirik
gabe, gauza ezberdinak gerta daitezke. Koalizioa apur liteke eta zehazki
Pakistanek eta Saudi Arabiak eman dion laguntza eten liteke. AEBetan,
Mendebaldeko herrialdeetan eta munduko gainontzeko lurraldeetan "bakearen
aldeko mugimendua" jarriko da agerian gero eta gehiago.
Baina akaso Bushen
administrazioarentzat okerrena, administrazio hori bera apurtzen hastea da. B
aukeraren aldekoek A aukerari kritika zorrotzak eta salaketa gehiago eginen
dizkiote. Nork aurkeztuko du bere kargu uztea orduan? Dena dela horrelako
gertakizun bat ez litzateke aldekoa izango Bush presidentearentzat. Gainera
Ekialde Erdialdean Estatu kolpe bat edo gehiago gertatuko balira, AEBetako
gobernuarekin hainbesteko laguntasunik ez luketen gobernuakeratuko balira... Horrek
gauzak okertzea baino gehiago ez luke egingo. Indarkeria beste fronte
batzuetara zabalduko balitz (ez bakarrik Israel/Palestina, baizik baita ipar Irlanda,
Indonesia edo batek daki non ere), Bin Laden okerrena izatearen ideia eta
munduko "terroristarik" handiena izatearena zentzua galtzen hasiko
litzateke.
AEBen gobernuaren
ikuspegitik, nola ez, ideia hori oso ezkorra da. B aukaren aldekoek aipatuko lukete
inondik inora ere ez dela saihestezina. B aukera bultzatuko lukete, ez hori
bakarrik, baizik eta indartzen saiatuko lirateke, esaterako arma nuklear
taktikoen erabilera leku batean edo bestean. Horrelako jokozelai bat ez da
inondik ere gertaezina. Baina horrelako jokaera batek, arlo diplomatikoan AEBen
bazterketa serio bat eragingo luke. Beste alde batetik A aukera mantenduko
balitz ere, baina AEBk ez balute Bin Laden desagertaraztea lortuko, beste
herrialde batzuen laguntza diplomatikoa arriskuan legoke.
AEBk beren buruari oso
xede handiak ezarri dizkiete. Pozik zeuden , Sobietar Batasunaren
desagerpenarekin, egiazko superpotentzia bat zirelakoan, eta inongo indarrik
beren bidean jarriko ez zelakoan zeuden. Gaizki ulertu zituzten oso mugatuak
izan ziren garaipenak Kosovon eta Golkoan, gauzak horrela izatearen froga
gisara aurkeztu zituzten. Baliteke orain konturatzea gauzak ez zirela benetan
horrela. Horrela bada, munduko gainontzeko herrialdeekin duten harremana
berraztertu beharrean ikusiko dute beren burua. Bin Ladenek urteetan mundu
musulmanaren kontra egindako mesprezuen bengantza egin nahi du. Mundu ezberdin
bat ezartzera ailegatu nahi du. Baina ziurrenera mundu horretan gutariko gutxi
egonen litzateke eroso, ez genuke bizitzeko modukotzat ikusiko. Ez litzateke
ezta urrundik ere mundu hobea izanen, ezta musulmandarrentzat ere.
Bin Laden oso gizon
bizkorra da eta konbiktzio ideologiko oso sakonak dituena. Beheranzko joeran
dago AEBen izaera, potentzia hegemoniko gisan eta hori probestu du berak, beraien
antolaketa ahultasunak. Ez dago batere argi ea AEBk (bai Bush edota lehen Bill
Clinton) errealitate geopolitikoak ez ote dituzten Bin Laden eta Al Qaeda
bezain ongi ulertzen jakin. Gerran eta diplomazian bakoitzak bere buruari ziria
sartzeko lekua bada beti.
Immanuel Wallerstein (2001eko urriaren 15a)
© Immanuel Wallerstein 1998, 1999, 2000, 2001.
Copyrigth-ren jabegoa, Immanuel Wallerstein. Kopia eskubide guztiak bere eginda. Iruzkinak
disko gogorrean kopiatu daitezke, euskarri elektronikoen bidez hedatu edo posta
elektronikoaren bidez igorri, baina ezin daitezke inongo euskarri inprimatutan
zabaldu copyright eskubideen jabe den pertsonaren baimenik gabe (iwaller@binghamton.edu).
Testuen izenburutetatik
ondorioztatzen denez, iruzkin hauek, zeinak hamabostean behin argitaratzen
diren, mundu garaikedearen inguruko hausnarketa izan asmo dute, beti ere epe
luzeko ikuspegiz.
Translated for RED VASCA ROJA by Mikel Aldasoro
Jauregi and Aitziber Sarasola.